ಬಾಸ್ಕ್ ವಿಕಿಮೀಡಿಯನ್ಸ್ ಬಳಕೆದಾರರ ಗುಂಪು/ಕಾರ್ಯತಂತ್ರ/2024-2027
Honako hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak egindako 2024-2027 estrategia da.
Non gaude?
Euskal Wikilarien Kultura Elkartea 2016an sortu zen eta 2017tik aurrera hainbat dirulaguntza izan ditu bere proiektuak garatzeko. Dirulaguntzarik handiena Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak emandakoa izan da. Horri esker 2018tik gaur egunera arte luzatzen den Hezkuntza Programa garatu ahal izan dugu, besteak beste, eta elkarteak langile finkoak izan ditu harrez gero. 2020tik Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, Nafarroan bestelako proiektuak egiteko dirulaguntza eman digu, bertan, etenekin, beste langile bat kontratatzeko aukera eman diguna. Dirulaguntza hau egonkortu dugu eta, beraz, oraintxe lanaldi ez-osoan langile bat dugu Nafarroan hezkuntzarekin loturarik ez duten proiektuak egiteko. 2021ean hasita eta 2024ra arte Erasmus+ proiektu bat garatzen ari gara, Irlanda eta Frisiako elkarteekin batera.
2022/2023 ikasturtean Ikusgela jarri dugu martxan, bideo pedagogiko libreak sareratzeko proiektu handia. Proiektu hau egiteko dirulaguntza berria lortu dugu EJren HPStik, eta bideo sorta batzuk egiteko kanpo finantziazioa ere lortu dugu, izan EIMAko katalogoaren bidez, edo bazkide berriak bilatuz gidoigintza gastuak arintzeko.
Orain sei urte ez genuen amesten egoera honetan egongo ginenik ere. Egitura honek aukera eman digu proiektu handiak egiteko, bereziki Hezkuntza Programa deitu duguna. Programa honen baitan unibertsitateetako 5.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte, eta 10.000.000 hitz inguru gehitu dizkiote euskarazko Wikipediari, tartean behar handiko artikuluei. Wikipedia eta hezkuntza loturik daudela uste genuen, eta gure hipotesia frogatu da: eduki hobeak ditugu, hezkuntzako eragileen artean prestigioa irabazi dugu, eta ekintza pedagogikoak egiteko Wikimediak zein ezagutza askeko plataformek duten boterea erakutsi dugu. Tarte honetan Txikipedia sortu dugu, aitzindaria den proiektua publiko berrientzat. Ikusgelan lau sail sortu ditugu jada, eta lortu dugu bideoetako batzuk beste hizkuntza batzuetan eskaintzea, euskarazko produkziotik abiatuta. Hezkuntza Programan identifikatu genituen garrantzi handiko artikuluek hobekuntza nabarmena izan dute: %230 zabalagoak dira orain, 29 milioi karaktere gehiagorekin. Hori gutxi balitz, azken bi urteotan egindako ekimenei esker, Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak dituen hiru hizkuntzetako bat gara eta, bi urtetan, 12 postu egin ditugu gora hizkuntzen arteko rankinean, igoerarik handiena izan duen hizkuntza. Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan ere nabarmen egin dugu gora, 18 postu guztira, eta gaur egun bi zerrendatan gaude lehenengo 20 Wikipedien artean.
Azken lau urte hauetan egindakoa ez da horretara mugatzen, noski. Hainbat ezagutza instituziorekin harremanak sendotu ditugu. Unibertsitateekin egindako lanaz gain, Udako Euskal Unibertsitatearekin akordioak egin ditugu, testuak askatzeko, edo Humanitate Digitalen ikerketarako beka aitzindariak eskaintzeko. Hainbat museorekin egin dugu lan, adibidez Soinuenearekin, herri musikaren inguruko ezagutza handitu eta askatzeko. Edo Oteiza Museoarekin, artista honen obraren zati esanguratsu batzuk guztion esku jartzeko. WikiLovesMonuments lehiaketan parte hartu dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko elementu babestu guztien datu-basea igo eta antolatuz. Nafarroako monumentu megalitiko guztien informazio geografikoa ere libre utzi dugu. Elhuyar Fundazioarekin lan egin dugu, berrikuntza teknologikoan ekarpenak egiteko, baina baita ere Elia itzultzailea wikilariei eskuragarri jartzeko. Ipar Euskal Herriko erakundeekin egin dugu lan, hitzaldietan parte hartuz. Irrati saioak egin ditugu, Wikimediaren inguruan berri emateko, eta komunikabideekin harremana ohiko bilakatu da.
EWKEko hainbat kidek WikiEmakumeok ekimena bultzatu dute, bereziki aktiboak diren Durango eta Oiartzungo taldeekin. Azpimarratzekoa da talde hauetan parte hartzen dutenen gehiengoa emakumeak direla, wikilarien artean gaur egun oraindik ere existitzen den genero arrakala txikiagotzen ekarpen interesgarria izanik. Euren lan nekaezinari esker euskarazko Wikipedian emakumeen biografiak %26 baino gehiago dira, eta erlatiboki biografia gutxi baditugu ere, 16.000 emakume baino gehiago daude bilduta, maiz sakontasun handiarekin. WikiEmakumeok taldeak, hala ere, ez dira organikoki EWKEren ekimena.
Wikiliburu batzuk ere bultzatu ditugu: Uliako natura biltzen duena, Sukaldaritzari buruzkoa edo Euskal Herriko bidaia-gida, adibidez.
Nazioarteko harremanak ere sortu, sendotu eta egonkortu ditugu. Nazioarteko konferentzia eta bilkura anitzetan egon gara, tartean Wikimania, Wikimedia Hackathon, Celtic Knot edo Iberocoop konferentziak. Wikimedia&Education konferentzia bultzatu genuen, lehenengo edizioa Donostian antolatu genuen, Wikimedia Fundazioaren laguntzarekin, eta bigarrenean egon ginen, Belgradon. Beste erakunde batzuekin harremanak finkatu ditugu, hala nola Amical Wikimedia, Wikimedia España eta hizkuntza gutxituetan dabiltzan hainbat wikilarirekin. EWKEko kide batek parte hartu zuen WMFren estrategia definitzeko eztabaidetan, eta Dibertsitate komitearen parte izan ginen. Hizkuntza txikien inguruko ekimenetan eta eztabaidetan hartu dugu parte, eta Afrikako hainbat hizkuntzari lagundu diegu automatizatutako txantiloiak izaten.
Hau guztia posible izan da wikilarien lanaren bidez eta egitura sendo bat lortu dugulako. Hala ere, baditugu zailtasunak. Instituzio publikoen bidez lortutako dirulaguntzak ez dira hazi azken bost urteotan, eta dirulaguntza berriak eskuratu baditugu ere (Erasmus+, adibidez), bizitzaren kostuaren igoerak eragin handia izan du gure proiektuen hazkuntza posiblean. Azken urtean ezin izan ditugu proiektuaren muina baino urrunago doazen ekimenak egin, eta asko bertan behera utzi behar izan ditugu aurrekontu murriztuaren ondorioz. Adibide batzuk ematearren:
- Dagoeneko ez da posible Humanitate Digitalak ikertzeko bekak eskaintzea. Beka honen ondorioz jaio ziren Ikusgela, Be[di]girada (filosofia gaiak Wikipedia bidez irakasteko unitate didaktikoa) proiektua edo Emartistak (euskal emakume artisten katalogoa), besteak beste. Kostea dagoeneko ezin dugu gure gain hartu.
- Dagoeneko ez da posible EAEko museoekin lan egitea, Hezkuntza Programarekin guztiz bateragarria ez delako eta dirulaguntzaren baitan jada ez dagoelako horretarako lekurik.
- Azken hiru urteotan Euskal Herriko Ikastolekin egindako Txikipedia editatzeko proiektua, non urtero 1.000 ikasle baino gehiagok parte hartzen duten, ezin da gehiago hazi, ez dagoelako dirurik kudeaketa egingo duten hezitzaile berriak hartzeko. Dirurik gabe, proiektua murriztu beharko da hurrengo urtean.
- Ez da posible nazioarteko harremanekin jarraitzea. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren baitan aukera hori murriztu da, baina egonez gero ere, aukerak oso murritzak dira. EWKEk ez du diru propiorik horrelako bidaiarik ordaintzeko, eta WMFk eskaini ahal dituen beken mende egongo ginateke (aurten ez da lortu bekarik Wikimaniara joateko, adibidez). Nazioarteko bilerarik ere ezingo genuke antolatu.
- Orain arte oso ondo funtzionatu duten edizio lehiaketak egitea ere zaila da. Aurrekontu txikia izanda ere, murrizketak egin beharko genituzke hor. WikiLovesMonuments edo WikiLovesEarth bezalako ekimenak antolatzeko ere ez dugu aukerarik, saririk eman behar bada, behintzat.
- Dirulaguntza gehigarriak eskatzeak administraziorako dugun langile bakarra itotzen du, denbora berean askoz dokumentazio handiagoa kudeatu behar duelako. Beti dago aukera deialdi berrietara aurkezteko, baina deialdi horien eskari, justifikazio, dokumentazio eta jarraipenak behar duen denbora kudeatzeko ez dugu pertsonalik.
- Langile bakoitzak diru-laguntza zehatz bati erantzuten dionez, oso zaila zaigu hortik ateratzea eta lan gehigarriak egitea. Une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan ezin dugu GLAM ekintzarik egin langileen bidez, eta, kontrara, Nafarroan ezin ditugu Hezkuntzari loturiko ariketak egin.
Zer lortu nahi dugu?
2024-2027 tartean aurreko lau urteotan izandako hazkuntza egonkortu beharko dugu, hazten jarraitu ahal izateko. Oraingo egoeran posible dugu ekintza kopuru minimo batekin jarraitzea, baina ezinezkoa da hazkuntza, eta orain arte egindako ekimen asko ere kanpoan utzi beharko genituzke, prezioen igoeraren ondorioz. Beraz, ez dugu norabide aldaketarik egingo: jarraituko dugu egiten ari ginenarekin, baina eraginkorrago. Mundu osoko Wikimedia Mugimenduak erabakitako arlo estrategikoetako batzuen arabera antolatu dugu hurrengo urteotako lana.
EWKEren jasangarritasuna handitu
- Hurrengo lau urteotan, jasangarritasuna handitzeko, dauzkagun dirulaguntzez gain, finantziazio erregularra bilatuko dugu Wikimedia Fundazioarekin. Honek aukera emango digu orain arte helburu zehatz baterako diru-laguntzen barnean justifikazio zaila zuten proiektuak garatzeko.
- Orain arte proiektuen koordinazioan egon den langilea Zuzendari Exekutibo izendatu, estrategiak modu eraginkorrean garatu ahal izateko.
- EWKEren barne bizitza handitzeko bideak antolatuko ditugu. Urteroko zita presentzial bat sustatu, ikasteko, eztabaidatzeko eta elkarrekin aurrera egiteko.
Kideen gaitasunetan inbertitu, barne ezagutza kudeatu
- Kideen formaziorako baliabideak sortuko ditugu, barne eztabaidak hobetu eta ulermena handitzeko. Formazio baliabide horien artean saio presentzialak ere egongo dira, tresnak hobeto ezagutzeko eta egiten dugunaren berri izateko.
- Nazioarteko foroetan gure kidegoa egon dadin bermatuko dugu, besteek egiten dutena ikasiz lortu dezakegulako hobetzea.
- Egiten duguna hobeto dokumentatzeko tartea behar dugu. Horretarako ere baliabide gehiago behar ditugu, dokumentazioan eman beharreko denbora eduki dezagun.
Euskal irakurleen esperientzia hobetu
- Garrantzi handiko gaiak eta artikuluak euskaraz egon daitezen ekimenak bultzatuko ditugu. Bereziki, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 eta 10.000 artikuluen zerrendetan hobetzen jarraituko dugu.
- Interneteko bilatzaileetan euskaraz bilatzean dauden arazoak aztertu, eta horien inguruko lobby lana egingo dugu hurrengo urteotan, dagokion eragileekin elkarlana sustatuz. Euskaraz sarean aritzeko, eta egiten dugun lan guztia ikusgarriago egiteko presioa egingo dugu.
- Wikipediaz gain, beste proiektuetan ere euskararen presentzia handitzeko kanpainak eta ekimenak garatuko ditugu. Euskaraz esperientzia osoago bat eskaintzea da gure helburua.
Lanerako gai berriak identifikatu
- Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatutako gai berriak identifikatzeko lana egingo dugu hurrengo urteotan. Klima aldaketaren inguruan, emakumeen osasunaren inguruan edo giza eskubideen inguruan programak sortuko ditugu, baina berrikuntza izango da arlo honen gakoa. Gai horiek identifikatu eta lantzeko bazkide berriak bilatuko ditugu.
- Euskal kultura eta historiari buruzko ezagutza-hutsuneak identifikatzeko lana egingo dugu, eta horien inguruko editatoiak sortu.
- WikiLoves lehiaketetan parte hartuko dugu, monumentuen lehiaketaz haratago. Horretarako baliabideak ditugula ziurtatuko dugu, eta eragile berriekin lankidetza bilatuko dugu.
Ezagutza askean innobatu
- Ikusgelaren bidez euskarazko bideo pedagogiko libreen ekosistema handitzen jarraituko dugu. Martxan dauden sailak eguneratu eta elikatzen jarraituko dugu, eta elkarlanean sail berriak martxan jartzeko lanean ariko gara. Urtero gutxienez 40 bideo sortzeko saiakerari eutsiko diogu, eta horrek euskarazko Wikipedian urtero 200 bat artikulu irudiztatzea eragingo du, eragin hori biderkatzeko estrategiak inplementatuko ditugu. Alor honekin hezkuntza eragileei Hezkuntza Baliabide Irekien (Open Educational Resources, OER) potentzial biderkatzailea ikusarazteko lanak egingo ditugu, baita orokorrean Commons-en edukiak askatzearen aldeko sentsibilizazioa ere. Sortutako eduki guztiak beste hizkuntza komunitate batzuetara eramateko sustapenean jarraituko dugu, eta hizkuntza gutxituon artean oinarri amankomunak batera sortzeko bideak bilatuko ditugu, egindako lana berrerabili eta elkar laguntzeko.
- Wikipedia kontsumo ohitura berrietara moldatzeko eztabaidatan parte hartuko dugu, etorkizunean ikus-entzunezkoetan natiboagoa den teknologia bat garatzen bada, modu aktiboan izango gara hor. Teknologiak ahalbidetzen badu, aurrerago eduki multimediek orain testuek duten wiki edizio sistema izan beharko dute. Hori gertatuko balitz, Ikusgela proiektua irekitzeko aukera izango genuke.
- Txikipediaren erabilera teknikoa hobetuko dugu, hurrengo urteetan Wikidatan zuzenean txertatzeko dauden aukerak ikusiz, proiektu gisa. Honek aukera emango du informazio gehiago erakusteko, eta beste hizkuntza batzuetako loturak lortzeko, hala nola hobeto ulertzeko zer artikulu ditugun.
- Podcastak egiteko aukeran sakonduko dugu, baita audio-azalpenen bidea urratzen ere. Ezagutza beste formatu batzuetan emateko bide berriak probatu.
- Adimen artifizialaren garapenak Wikimedian duen eraginari aurre hartuko diogu, etengabe horren gainean hausnartu eta bi aldeetako praktiken aurrean adi mantenduz: Gure edukiak sortu eta eguneratzean teknologia honek hizkuntza gutxiagotuetan izan dezakeen paperean alde batetik, eta tresna horiek entrenatzean entziklopedia askeak duen paperaz ohartarazten etengabe.
Eragile gehiagorekin koordinatu
- Harreman berriak abiatuko ditugu hezkuntzan zein GLAM eremuan. Eragile horiekin hiruko ariketak egiten saiatuko gara, ahal den heinean: EWKE, hezkuntza instituzio bat, eta kanpo eragile bat. Gure helburua ezagutza librearen inguruko proiektuak izango dira.
- Nazioarteko eragileekin koordinatzeko baliabideak jarriko ditugu, bereziki euskal wikilarien artean egon daitekeen talentua WMFrekin eta Wikilarien Mugimenduarekin lotzeko.
- Ezagutza librearen alde dauden mugimendu gehiagorekin elkartu, estrategia komunak bilatu eta praktika onak bilatuko ditugu.