| Zer aldatu da?
Hainbat komentariotan galdetu da zeintzuk diren zirriborroan txertatu diren aldaketak indarrean dagoen pribatutasun politikarekin alderatuta. Geroago bat egin dutenei laguntzeko, aldaketa nagusiak jaso ditugu jarraian ageri den koadroan. Hala ere, nahi izanez gero, aldaketei buruzko eztabaidan parte har dezakete hemen.
Oro har, egun indarrean dagoen pribatutasun politika 2008an idatzi zenez, ez ditu aintzat hartzen egun erabiltzen diren zenbait teknologia. Hori dela eta, zirriborro honen bidez erabiltzaileei azaltzen zaie nola biltzen eta erabiltzen den haiei buruzko informazioa. Hona hemen zenbait adibide:
- Cookie-ak: Egun dugun politikan saioko cookie-ak aipatzen dira, eta modu zabalean azaltzen da zer desberdintasun dagoen saioa hasi gabe irakurtzearen eta, saioa hasita, irakurtzearen edo editatzearen artean. Zirriborro berrian, Maiz egiten diren galderetan, zehazki azalduta dago zer motatako cookie-ak erabiltzen ditugun, zertarako balio duten eta noiz iraungiko diren. Halaber, zirriborroan azpimarratu da ez ditugula inoiz hirugarrenen cookie-ak erabiliko erabiltzaileen baimenik gabe. Horrez gain, datuak biltzeko balio duten bestelako teknologiak ere jasotzen ditu, hala nola, jarraipen pixelak edo biltegiratze lokala.
- Kokalekuari buruzko informazioa: Egun indarrean dagoen politikak ez ditu arautzen kokalekuari buruzko informazioaren bilketa eta erabilera; zirriborro berrian, berriz, azaldu da GPS eta antzeko teknologien, kargatzen dituzun irudien metadatuen eta IP helbidearen bitartez zure gailua non dagoen jakin dezakegula. Halaber, informazio hori nola erabiliko dugun azaldu dugu.
- Automatikoki jasotzen dugun informazioa: Egun indarrean dagoen politikan ez dago azalduta zenbait datu automatikoki jaso ahal ditugula. Politika berriaren zirriborroan azaldu dugu gure zerbitzarietara eskaerak bidaltzen dituzunean automatikoki zenbait datu ematen dizkiguzula. Gainera, informazio hori nola erabiltzen dugun azaldu dugu, orriak kudeatzeko, orri seguruagoak izateko, bandalismoa saihesteko, sakelakoetarako aplikazioak hobetzeko eta, oro har, zuretzat erosoagoak diren orriak eskaintzeko.
- Datuen partekatze mugatua: Egungo politikak labur azaltzen du erabiltzaileen pasahitzak eta cookie-ak ez direla partekatuko, legeak kontrakoa ezartzen duenean izan ezik, baina ez du aipatzen bestelako datuak noiz eta nola partekatuko diren. Zirriborro berrian berariaz zerrendatu dira partekatu daitezkeen datu guztiak, ez bakarrik pasahitzak eta cookie-ak. Hala, azaldu dugu nola partekatuko dugun informazio hori garatzaile boluntarioekin, izan ere, beren lana ezinbestekoa da kode irekiko proiektuetan. Bestalde, pertsonalak ez diren datuak partekatuko ditugu ikertzaileekin, beren ikerketen ondorioak gurekin parteka ditzaten. Horri esker, proiektuak gertutik ezagutu eta hobetu ahal izango ditugu.
- Erabiltzaileei buruzko informazioa ez saltzea: Egun indarrean dagoen politikak ez du hau aipatzen. Komunitatean denbora luzea daramaten editore eta kideek badakite datuak saltzea gure etikaren kontrako jarduera dela; gurera datozen pertsona berriek, ordea, guk geuk azaldu ezean, ezin dute jakin zer desberdintasun dagoen gure proiektuen eta beste edozein webguneren artean. Zirriborroan argi utzi da ez dugula inoiz saltzen edo alokatzen erabiltzaileen daturik, eta ez ditugula horrelakoak baliatzen erabiltzaileei ezer saltzeko.
- Jakinarazpenak: Jakinarazpenak egungo politika onartu ondoren txertatu genituen. Hortaz, ez ditu arautzen. Bertsio berriaren zirriborroan azaldu da jakinarazpenak nola erabiltzen diren, batzuetan datuak biltzeko erabili ahal direla (jarraipen pixelen bidez) eta zein kasutan blokeatu ahal diren.
- Politikaren irismena: Indarrean dagoen politikak modu oso zabalean adierazten du zein den bere irismena; hori dela eta, argi utzi nahi dugu zein kasuetan aplikatzen den politika. Zirriborroan atal berezi bat dago, non zehazki azaltzen den zer arautzen duen pribatutasun politikak eta zer ez.
- Inkestak eta iritziak: Egungo pribatutasun politikan ez dira berariaz aipatzen inkestak eta iritzia emateko formularioak. Zirriborroan azaldu dugu zein kasutan erabiliko ditugun inkestak, eta nola jakinaraziko dizugun zer nolako informazioa bilduko dugun.
- Politika eguneratzeko prozedura: Zirriborro berrian berariaz adierazi dugu nola jakinaraziko dizugun politikan aldaketak egin behar direla. Hori bat dator egun egiten dugunarekin, baina argi utzi nahi dugu hartu dugun konpromisoa, alegia, aurretiaz jakinaraztea pribatutasun politikan aldaketa esanguratsuak egingo direla, iruzkinak egiteko aukera ematea eta aldaketok hainbat hizkuntzatan jakinaraztea.
Zerrenda honetan ez daude aldaketa guztiak, jakina. Beste aldaketarik ikusten baduzu eta horri buruz gehiago jakin nahi baduzu, galdetu lasai asko, eta argituko dugu zein den horren helburua.
Pribatutasun politikaren xedea da erabiltzaileei azaltzea zer nolako informazioa gordeko den, nola erabiliko den eta norekin partekatuko den. Egungo politikak hori egiten du, baina edukiak zaharkituta daude. Espero dugu zure laguntzarekin datu pertsonalen erabilerari buruzko informazio garrantzitsu guztia biltzen duen politika berria prestatzea.
— YWelinder (WMF) (talk) 01:07, 6 September 2013 (UTC) |